Kaixo! Alazne dut izena.
Xinpletasuna eta bizitzako gauza txikiez gozatzea gustatzen zait: itsasoari begira paseatzea, kresal usaina, ekaitz baten aurreko zeru lainotsu eta haizetsua, txokolatea, belar moztu berriaren usaina, balkoian liburu on bat irakurtzea (nahiz eta azken urteetan horretarako astirik ez dudan ateratzen), txokolatea, suspensezko pelikulak,… Eta batez ere, gure Peruren barrea.
Uste dut beti interesatu zaidala nola ikasten dugun. Agian horregatik ikasi nuen psikologia. Haur Hezkuntzako espezialitatea egin nuen, eta horretan gehiegi aritu izan ez banaiz ere eta nire lan-bizitza beste bide batetik badoa ere, garapena eta haur-hezkuntza oraindik ere nire arreta pizten duten gaiak dira. Eta are gehiago 2016an Peru jaio zenetik.
Txikitatik izan dut sortze-zaletasuna. Esku arinak eta burua beti hurrengo proiektuan pentsatzen, sortze teknika ezberdinak hausnartzea maite dut (makramea, telarea, bordatua,joskintza…), eta baita material ezberdinekin esperimentatzea.
Hauek konbinatuz diseinu bereziak sortzen igaro ditut azken urteak.
Inoiz ez nuen esango kakorratzak harrapatu ninduen bezala harrapatuko ninduenik, eta sortze mundu honetan murgilduko ninduenik, baina 2012an baja batean entretenimendu gisa hasi zena, nire pasioa bihurtu zen.
Ordutik ezin dut mundu hau askatu. Bihotzetik sortutako proiektu hau nire parte da, eta espero dut luzaroan horrela izatea.
Milesker hor egoteagatik eta zuen goxotasun guztiagatik!